Gizalde - Gipuzkoako BoluntariotzaGizalde - Gipuzkoako BoluntariotzaHezkideDiputación Foral de Gipuzkoa
Elkartea sortzeko pausoak
1-Zer da elkarte bat?:

Elkarteak, ekintza kolektiboak aurrera eramateko demokratikoki antolatutako irabazi asmorik gabeko talde independiente egonkorrak dira. Euskadiko Autonomia Erkidegoan, elkarte hauek Ekainaren 22ko 7/2007, Euskadiko elkarteen legearen bidez erregulatuta daude. (Irakurtzea gomendagarria da).

Irabazi asmorik gabekoa izateak, urteko irabazi edo etekin ekonomikoak bazkideen artean banatu ezin daitezkeela esan nahi du. Hortaz, bai egin daitekeela:

• Urte bukaeran etekin ekonomikoak lortu.
• Elkartean langileak kontratatu.
• Etekin ekonomikoak lortzeko jarduera ekonomikoak burutu.

Etekin horiek elkartearen xedea betetzeko berrinbertitu beharko dira.

Elkarteak honako talde hauetan sailkatzen dira (7/2007 Euskadiko elkarteen legeko 5. artikuloa):

a) Xede partikularrak dituzten elkarteak: elkarteok, eskuarki eta lehentasunez, elkartekideen alde bideratzen dituzte beren jarduera sozialak, nahiz eta hirugarrenen aldeko jarduerak ere egin ditzaketen.

b) Xede orokorrak dituzten elkarteak: elkarteon xedeen artean elkartekideen interesak gainditzen dituzten interesak asetzea dago; eskuarki eta lehentasunez, hirugarrenen edo gizarte osoaren aldeko jarduerak egiten dituzte, eta beste pertsona batzuei ere elkartean beren borondatez sartzeko aukera eskaintzen diete.

c) Xede orokorreko onura publikoko elkarteak: Legeak, onura publikoko izateko ezarritako irizpideak betetzen dituzten, Eusko Jaurlaritzako dekretu bidez aintzat hartutako Euskadiko elkarteen erregistro orokorrean inskribatutako elkarteak dira

2-Nola sortzen da elkarte bat.

Elkarteak eratzeko, hartarako erabakia hartu behar dute hiru pertsona fisikok edo gehiagok, nahiz hiru pertsona juridiko publiko edo pribatuk edo gehiagok; pertsona horiek konpromisoa hartuko dute legezko, guztientzako eta interes orokor nahiz partikularreko helburuak lortzeko asmoz ezaguerak, baliabideak eta jarduerak batera jartzeko, eta elkartearen estatutuak egingo dituzte haren funtzionamendua eta jarduna arautzeko. (Euskadiko elkarteen legearen 7. art.) Horretarako pausoak:

A – Estatutoak idatzi:

Elkartearen estatutoak idatzi behar dira, alegia, elkartearen funtzionamendurako barne araudia, elkartearen helburuak eta antolakuntza eredua finkatzen dituena. Legeak gutxieneko edukiak finkatzen ditu (9.art), baina xedapen gehiago erantsi daitezke beti ere legearen eta elkartearena aurkakoak ez badira.
ESTATUTOEN EREDUA (Bete daitezke)

B – Elkartearen eraketa formala:

Elkartea eratu nahi duten pertsonek lehen bilera ofizial bat burutuko dute eta bertan hauxe egingo da:

-elkartearen eraketa adostu eta estatutoak onartu.
-karguak eta gobernu organuak aukeratu.
-Elkartzeko borondatea agertuko duen akta onartu.
ERAKETA AKTA + ZUZENDARITZA BATZORDE OSAERAREN EREDUA

Gobernu organo ohikoena zuzendaritza batzordea da, eta gutxienez lehendakaritza, idazkaritza eta diruzaintza karguak aukeratu beharra daude derrigorrez.

D – Elkarteen erregistroan inskripzioa:

Inskripzioa doanekoa da, dokumentazioa Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztu beharko da:

Donostia - San Sebastián
Andia, 13
20004 Donostia-San Sebastián
(Gipuzkoa)

Vitoria - Gazteiz
Ramiro de Maeztu, 10 bajo
01008 Vitoria-Gasteiz
Álava

Bilbao
Gran Vía, 85
48011 Bilbao
(Bizkaia)

• Inskripzio eskaera, eraketa aktan izendatutako pertsonak sinatuta.
INSKRIPZIORAKO ESKAERA EREDUA
• Eraketa aktaren bi kopia, bazkide fundatzaileen sinadura originalekin.
ERAKETA AKTA + ZUZENDARITZA BATZORDE OSAERAREN EREDUA
• Zuzendaritza batzordearen osaera. (Eraketa aktarekin batera aurkituko duzu eredua)
• Fundatzaileen NAN kopia.
• Estatutoen bi kopia, lehendakaria eta idazkariaren sinadura originalekin orri bakoitzean.

Hilabete batzuen ondoren, erregistroak elkarteari estatutoak konpultastuta jaso ditzakela adieraziko dio. Une horretatik aurrera, elkartea erregistroan ofizialki inskribatutzat joko da. Jakinarazpenean elkartearen inskripzio zenbakia agertuko da (erregistro zenbakia). Dokumentu hau, administrazioren edozein tramiterako eskatuko da, adibidez, dirulaguntza eskaeretarako.

E- Elkartearen liburuak:

Elkarteak eguneratuta eraman beharko ditu akta liburua, bazkideen liburua, eta kontabilitate liburua. Erregistroan bertan seilatu behar dira eta horietan honako hau jaso beharko da:

Akta liburua: Elkartearen funtsesko bileren aktak (adibidez batzar orokorrak) jasotzen dituen liburua.
Bazkideen liburua: Elkartean bazkide bezala izen ematen duten eta baja hartzen duten pertsonen erregistrorako liburua (pertsona bakoitzaren izen abizenak, NAN, helbidea eta sinadura azaldu behar dira)
Kontabilitate liburua: Elkarteak izaten dituen ingreso eta gastuak jasotzeko liburua.

Liburuak estanko eta liburudendetan erosi daitezke. Datuak informatizatuta jasotzen badira, liburu bakoitzerako orri kopuru bat seilatu daiteke (50-100), elkartearen izenarekin eta liburuaren izenarekin hurrenez hurren zenbatuta. Informatikoki jasotako datuak bertan inprimatu daiteke gero.

F – Identifikazio Fiskaleko Kodea (IFK):

Hurrengo pausoa Identifikazio Fiskaleko Kodea (IFK) lortzea da. IFK kodea, edozein elkarte edo fundaziorentzat, pertsonaren NAN-ren hainakoa da. IFKren txartelan, erakundea fiskalki identifikatzen duen zenbakia ageri dira (aurretik G letra duela), eta derrigorrezkoa da edozein tramite ekonomiko burutzeko.

Foru Ogasuneko zerga bulegora joan beharra dago eta ondorengo dokumentazioa aurkeztu:

• Elkarteko eraketa aktaren originala eta kopia.
• Elkarteko estatutuen originala eta kopia.
• Elkartea, Eusko Jaurlaritzako erregistroan inskribatuta dagoenaren jakinarazpenaren originala eta kopia.
• IFK-aren eskabide orria (036 eskabide orria, zentsu aitorpena deiturikoa). Estankoetan saltzen da.
• Eskabide orria sinatuko duen pertsonaren NAN-a.

3- Elkarteen zerga aitorpenak

Elkarteak izaera jurídiko propioa duen unetik, eskubide eta betebehar batzuik izango ditu. Kasu gehienetan irabazi asmorik gabekoak izateagatik zergak ordaintzera beharturik ez egon arren, zerga-salbuespena lortzeko hainbat eskari prestatu eta aurkeztu beharko dira.

Orokorrean elkarteek kontuan hartu beharreko zerga garrantzitsuenak ondorengoak dira:

A- Ekonomia Jardueren gaineko Zerga (IAE)

Ekonomía Jardueren gaineko zergak, jarduera ekonomikoa zergapetzen du. Elkarteek jarduera ekonomikoak burutu ditzakete. Hauek, zerbitzu edo ondasun bat saltzean burutzen dira (kamisetak saldu, elkarteak antolatzen dituen ikastaroetarako inskripziorako kuota, etab…).

Elkarte gehienak zerga hau ordaintzetik salbuetsita daude, nahiz eta gehienek alta eman beharra duten (Ogasunean edo udaletxean herria 50000 biztanletik gorakoa den kasuetan).

B- Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ):

Kontsumoa zergapetzen duen zerga da. Elkarteek zerbitzu edo ondasun bat erosten duenean B.E.Z.a ordaindu beharra daukate, eta aldiz zerbitzua edo ondasuna saltzen dutenean B.E.Z.a kobratu eta Foru Ogasunari ematera behartuta daude. Ordaindu eta kobratutako B.E.Z.aren arabera; ordaindutakoa kobratutakoa baino gehiago bada dirua jasoko du eta alderantziz bada, ordaindu egin beharko du. Hala ere, hainbat aktibitate B.E.Z.etik salbuetsita daude, eta batzuetan aktibitate hauek garatzen dituzten elkarteei B.E.Z.ren zerga-salbuespena eskatzea komeni zaie, modu honetan prezioa merkeagotu baitezakete.

C –Sozietateen gaineko zerga

Sozietateen gaineko zergak, izaera juridikoa duten erakundeen (enpresak, elkarteak eta fundazioak) mozkinak zergapetzen ditu. Elkarte eta fundazio guztiak zerga aitortzera (deklaratu) derrigortuta daude (ordaintzera atera ala ez), nahiz eta irabazi asmorik gabeko elkarteetan salbuespen kasuak aurreikusten diren. Elkarteen diru iturriak bazkideen kuotak, dohaintzak eta diru-laguntzak soilik badira, aitorpena egin beharko da, baina ez da beharrezkoa izango zerga ordaintzea. Elkarteen helburuekin bat ez datozen aktibitate ekonomikoak garatzen direnean aldiz, onurarik badute %25a ordaintzea behartua daude

Elkarteen zergen inguruko zalantzak argitzeko eta informazio gehiagorako, Gipuzkoako Ogasunera jo daiteke:

GIPUZKOAKO OGASUNA
Tel: 902100040



4- Erreferentziak:

BOLUNTA - ELKARTEEN KUDEAKETARAKO GIDA

GESTION Y PARTICIPACION SOCIAL FUNDAZIOA - ELKARTEEN KUDEAKETARAKO GIDA

EUSKO JAURLARITZA - JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA - ELKARTEEN ERREGISTROA

CRAJ - GAZTEEN ELKARTEGINTZARAKO BALIABIDEEN GUNEA (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

GAZTEEN PARTE HARTZERAKO GIDA (EGK)



Azken eguneraketa: 2015eko abendua
Gizalde
Gipuzkoako Boluntariotza
Autonomia, 19 bajo
20006 Donostia
Tfno. 943 428013
Email: gizalde@gizalde.com