Gizalde - Gipuzkoako BoluntariotzaGizalde - Gipuzkoako BoluntariotzaHezkideDiputación Foral de Gipuzkoa
Boluntarioak elkarteetan

Zer da boluntariotzako erakunde bat?

Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte erakunde ugari daude. Erakunde horien esku-hartze eremuak oso anitzak dira, eta gauza bera esan daiteke erakunde hauen helburuei, antolamenduari, tamainari, ideologiari, jardueraren bolumenari eta baliabideei dagokienez. Hau horrela, bereizketa bat egin beharra dago boluntariotzakotzat har daitezkeen erakundeen eta izaera hori ez dutenen artean.
Hasteko, boluntariotzaren ezaugarriak azpimarratu behar ditugu. Beraz, boluntariotza erakundea hurrengo ezaugarriak dituen gizarte erakundea izango litzateke:

… irabazi asmorik gabekoa,
… egitura formala duena,
… printzipio solidarioetan oinarritua eta giza eskubideak errespetatzen dituena,
… botere publiko eta pribatuekiko autonomoa,
… kideei libreki eta doan parte hartzen uzten diena,
… interes orokorraren alde lan egiten duena, aldaketa globala bultzatuz edota talde edo arazo sozial jakinetan esku hartuz,
… eta profesionalen nahiz herri erakundeen ekintza osatzen duena.

Dena dela, “Boluntariotza erakundea” benetan zer den zehazteko, aurreko definizioari beste hiru elementu gehitu behar zaizkio gutxienez:

1-Pribatuak dira, banakako pertsonek sortuak, helburu berak elkarbanatzen dituzten herritar batzuen  ekimenez, denboran irauteko asmoz.
2- Kide gehienak boluntarioak dira; erakundeak langile ordainduak ere eduki ditzake, baina boluntarioak gehiengoa izan behar dira.
3- Erakundearen jarduera gehienak boluntarioek egiten dituzte; langile ordainduak baldin badaude, erakundearen egitura mantentzeko zeregin logistikoak eta osagarriak burutuko dituzte soilik; jarduera nagusiak boluntarioek egingo dituzte.

2. eta 3. puntuei dagokienez, esan beharra  dago boluntarioa eta bazkidea ez direla gauza bera; bakoitzak bere eskubide eta betebehar bereiziak ditu. Boluntarioak erakundearen barruan etengabe edo noizean behin zereginen bat burutzen duten pertsonak dira; bazkideak, berriz, kuota ordaintzen duten pertsonak dira, eta erakundearen kudeaketa eta erabakietan parte hartzeko eskubidea dute. Alegia, pertsona bat erakundeko boluntario izan daiteke bazkide izan beharrik gabe (erabaki estrategikoetan ez du hitzik edo botorik edukiko); eta erakundeko bazkide izan daiteke boluntario lanak burutu beharrik gabe.

Arau esparruari dagokionez, Boluntariotzaren Euskal Legeak honela definitzen ditu boluntariotza erakundeak: nagusiki boluntarioz osatutako interes orokorreko jarduerak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeak. Legearen arabera, “interes orokorreko jarduerak” honako hauek dira: asistentzialak, gizarte zerbitzuetakoak, gizalegezkoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, kiroletakoak, osasun arlokoak, garapenerako lankidetzakoak, ingurumenaren arlokoak, gizarte ekonomiakoak, ikerketakoak, partaidetza sustatzen dutenak, boluntariotza sustatzen dutenak edo antzerako beste batzuk.

Goian aipatutako baldintzak betetzen dituen entitate bat boluntariotza erakundetzat jo daiteke. Edonola ere, legearen arabera, boluntariotza erakunde gisa aitortua izateko eta administrazioak eskainitako baliabideak eskuratu ahal izateko, erakundeak dagokion erregistroan inskribatu beharra dauka. Horrek esan nahi du erakundeak estatutuak, barne araudia, gobernu organoak eta abar eduki behar dituela. Indarrean dagoen legearen arabera, boluntariotza erakunde batek har ditzakeen forma juridikoak irabazi asmorik gabekotzat jotzen direnak dira: elkartea eta fundazioa.

Horrez gain, Boluntariotzaren Euskal Legeak boluntariotza erakundeek burutu ditzaketen ekintza motak zehazten ditu. Honako hauek dira:

Garapenerako lankidetza: laguntza humanitarioa, nazioarteko proiektuak, iparraldearen eta hegoaldearen arteko harremanei buruzko sentsibilizazioa, etab.
Ingurumena: ingurumenaren, naturaren eta animalien defentsa.
Soziala: bazterkeria egoeran edo arriskuan bizi diren pertsonen aldeko lana.
Komunitarioa: auzo eta herrien eta bertako bizilagunen aldeko lana.
Kulturala: artearekin eta kulturarekin loturiko edozein alderdiren sustapena eta babesa.
Gizalegezkoa: zehaztu gabeko boluntariotza, mota guztietako ekintzetan parte hartzen duena, bereziki gizartearen, kulturaren edo kirolaren arloan.



Erakundeen betebeharrak
Lehen esan bezala, boluntariotza araututa dagoenez, boluntariotza erakundeek baldintza batzuk bete behar dituzte legez aitortuak izateko. Legearen arabera, honako hauek dira boluntariotza erakundeen betebehar nagusiak.


1- Boluntariotzaren Barne Estatutua
Boluntariotza erakundeak Boluntariotzaren Barne Estatutua edo Boluntariotzaren Gutuna delakoa eduki behar du. Bertan, erakundeko boluntarioen partaidetza bultzatu eta arautuko duten printzipioak eta arauak daude jasota. Boluntarioen eskubideak eta betebeharrak derrigorrez azaldu behar dira Barne Estatutuan, eta boluntarioak onartzeko eta kanporatzeko irizpideak ere bai. Dokumentu hau eta erakundeko Estatutuak gauza ezberdinak dira. Erakundeko Estatutuek bazkideen partaidetza arautzen dute (ikusi dugunez, beraien eskubide eta betebeharrak ez dira boluntarioenak bezalakoak).


2- Istripu eta Erantzukizun Zibileko Aseguru Poliza
Boluntarioek burutzen dituzten jarduerak arriskutsuak izan daitezke. Horregatik, boluntarioak bere jardunean izan ditzazkeen istripuen aurrean, eta hirugarrenei eragin diezazkien kalte galeren aurrean babesteko, erakundeak asegurua egin behar dio boluntarioari.


3- Boluntarioen arretarako prozesuak
Boluntariotza erakundeek, boluntarioek bertan aktiboki esku-hartzeko bideak antolatu beharko dituzte. Beraien lana egiteko beharrezkoak dituzten informazioa, prestakuntza, orientabidea, jarraipena eta laguntza emango zaie. Komenigarria da, era berean, boluntarioak hartzeko eta dinamizatzeko prozesuez arduratuko diren pertsonak izendatzea.


4- Gastu estaldura
Boluntarioak erakundeari egiten dion ekarpena bere zereginetan ematen duen denbora da. Jardueren prestaketa eta gauzatzetik sortzen diren gastu guztiak erakundeak ordaindu beharko ditu, baldin eta erakundea eta boluntarioaren artean hitzartutako baldintzetan horrela ezarrita badago, eta, betiere, hitzarmenean jarritako mugen barruan.


5- Alta eta bajen erregistroa
Erakundeak boluntario guztien erregistroa eduki behar du. Legeak ez du ezer esaten erregistroa kudeatzeko eta antolatzeko moduari buruz; nolanahi ere, erregistroak boluntario bakoitzaren datuak jaso behar ditu, alta eta bajei buruzko informazio eguneratuaz gain.


6- Erakundearen eta boluntarioaren arteko konpromiso idatzia
Ezinbestekoa da boluntarioaren eta erakundearen arteko harremana formalizatzea, alderdi bakoitzak bere eskubide eta betebeharrak argi eduki ditzan. Idazki batean, beraz, entitatearen datuak, boluntarioarenak eta bien arteko harremanaren nondik norakoak jasoko dira (dedikazioa, eskubideak eta betebeharrak, konpromisoaren iraupena, etab.).


7- Boluntario gisa aritu izanaren ziurtagiria
Boluntarioak erakundeko kidea dela edo berarekin lan egin duela erakusten duen ziurtagiria jasotzeko eskubidea du. Erakundeak, beraz, boluntarioak hala eskatuz gero,  boluntariotzaren iraupena eta ezaugarriak jasotzen dituen ziurtagiria egingo du.


8- Akordioak betetzea
Erakundeak, boluntarioekin idatziz nahiz ahoz egindako akordio guztiak bete beharko ditu.





Gizalde
Gipuzkoako Boluntariotza
C/ Idiakez, 6 bajo
20004 Donostia
Tfno. 943 428013
Email: gizalde@gizalde.com